Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gaya, Ramón

Espainiar pintore eta poeta (Murtzia, 1910 - Valentzia, 2005). 27ko belaunaldiko kideen artean sailkatzen da, XX. mendearen bigarren eta hirugarren hamarraldian, Espainian artea eraberritzeko ahalegina egiten zutenen artean, alegia. Gaya “Murtziako taldea” deritzoneko kide izan zen; Murtzian jaio, baina handik Madrila joan eta abangoardiazko kultura munduan sartu ziren taldekoa. Gaya bera 1927an bertan joan zen Madrila, bere jaioterriko udalak emandako beka bati esker. Aurrerago, Parisen izan zen, Floresekin eta Luis Garayrekin. Espainiako Gerra Zibilean, Hora de España-ren erredakzioan aritu zen, eta kartel asko egin zituen, garai eta egoera hartan ohi zen bezala. 1937an, bi koadro aurkeztu zituen Parisko Erakusketa Unibertsalean: Palabras a los muertos (Hildakoen omenezko hitzak), Juan Gil-Albert poetaren erretratua, eta Espanto. Bombardeo de Almería (Izua. Almeria bonben azpian). Bigarren koadro horrek Pintura Sari Nazionala irabazi zuen hurrengo urtean. Gerra zibila bukatu zenean, emaztea Figueresko erasoan galdu eta bera Frantzian preso izan ondoren, Mexikora erbesteratu zen. Han, bera bezala joandako espainiarrek sortutako aldizkarietan lan egin zuen: Romance, Tallero eta El Hijo Pródigo. 1952. urtean, Europara itzuli zen, Parisa eta Veneziara lehendabizi, eta 1956tik aurrera, Erromara. Espainiara egin zuen lehenengo bidaian, 1960an, haren obraren erakusketak ez zuen arretarik erakarri, beraren aszetismoak ez baitzuen ikustekorik orduan Espainiako pinturan nagusi zen espresionismoarekin. 1974an, estudio bat zabaldu zuen Valentzian. 1985ean, Arte Ederretako Urrezko Domina eman zioten. Haren pintura lanen artean, aipagarriak dira, hasierako koadroen artean, La silla (1922, Aulkia) edota Retrato de su padre (1926, Bere aitaren erretratua), errealistak biak, baina kubismoaren teknikaz landuak. Erbestealdiko lehen urteetako etenaren ondoren, Gauyaren obra barnekoiagoa bihurtu zen, eta eguneroko gertaerak, barnealdeak eta izadi hilak margotu zituen gehienbat; haien artean aipagarria da, besteak beste, Homenaje a Corot (1948, Omenaldia Corot-i). 1970 ondoko urteetan, Espainian gerrako urteetan galdutakoa berreskuratzeko grina sortu zenean, Gayaren lana aintzat hartua izan zen ostera. Idazle gisa, haren obra margolaritzari lotua dago neurri handi batean: Velázquez, pájaro solitario (1969, Velázquez, txori bakartia); Obras Completas (1990-1992, Lan osoak) liburuak ere pinturari eta literaturari buruzko saiakerak biltzen ditu. Harenak dira, halaber, Diario de un pintor (1952-1953) [1984, Pintore baten egunkaria (1952-1953)], Nuevos sonetos del diario de un pintor (1940-1979) [1984, Margolari baten egunkariko soneto berriak (1940-1979)], eta Algunos poemas del pintor Ramón Gaya (1991, Ramón Gaya pintorearen poema batzuk). 1997an, Arte Plastikoen Sari Nazionala eman zioten.