Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gauguin, Paul

Frantses eskultorea eta margolaria (Paris, 1848 - Atuana, Markesa uharteak, 1903). Haurtzaroan Perun izan zen (1850-1855). 1865etik 1871ra bitartean itsas armadan ibili zen, eta ondoren banketxe batean lan egin zuen, baina pintura alde batera utzi gabe betiere. Pissarrok bultzaturik, inpresionistekin batera egin zituen lehen erakusketak (1880, 1881, 1882, 1886). 1881ean Cézanne-rekin lan egin zuen. 1883an lana eta familia utzi eta pintura hartu zuen bizibidetzat. 1886an Bretainiara joan zen; bertan E. Bernard aurkitu zuen, eta ondoren Parisen Van Gogh ezagutu zuen. 1887an Martinikara joan zen, inpresionistak bazter utzi, eta Kolonen aurreko artea oinarri edalontzi sail bat egin zuen. 1888an Bretainiara itzuli zen berriro eta E. Bernard-ekin batera sintetismoa sortu zuen. Margolaritzari neurri izpiritual bat eman nahirik, sinbolistekiko jakinmina piztu zitzaion, ideiari lehentasuna eman zion eta artearen jatorrietara itzultzen saiatu zen. Marrazki japoniarren eraginez, lerro eta kolore sotiletara jo zuen. Van Gogh-ekin hiru hilabete Arlès-en egin ondoren, bere estiloaren jatortasuna areagotu zuen zenbait obratan (Le Christ jaune, 1889; La vision après le sermon, 1889 eta B.M. Gauguin, 1889). Koloreari buruzko teoria neoinpresionistak landu zituen (Nature morte “ripipoint”, 1889). Tahitira joateko erabakia hartu zuen (Sur la plage, 1891, Quand te maries-tu?, 1892 eta L’esprit des morts veille, 1893), eta anitz lurraldetako eraginak bereganatu zituen. Gaixoturik, Parisa itzuli eta bere obrak saldu zituen. 1895ean Tahitira joan zen berriro eta Never More (1897), Les seins aux fleurs rouges (1897) eta bere testamentutzat jotzen zuen D’où venons-nous? Que sommes-nous? Où allons-nous? (1897) margotu zituen. Bere buruaz beste egiteko saio baten ondoren, Markesa uhartetara joan zen, eta han bertakoen alde jarri zen, kolonia administrazioaren kontra. Hala ere margotzeari eta eskultura lanak egiteari ez zion utzi (L’or de leur corps, 1901; Cavaliers sur la plage, 1902), eta irudien antolamendu berri bat erakutsi zuen. Gauguinen lanak eragin handia izan zuen XX. mendeko margolaritzan eta eskulturan (Derain, Picasso, Modigliani, etab.); kolorearen ikusmoldeari dagokionez, fauvismoaren aitzindaria izan zen.