Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gaulle, Charles André Joseph Marie de

Frantses militarra eta politikaria (Lille, 1890 - Colombey-les-Deux-Eglises, 1970). Saint-Cyr eskolan egin zituen ikasketak eta Lehen Mundu Gerran gudarosteko kapitain izan zen. 1934an argitaratu zuen Vers l’armée de métier liburuan Maginot lerroa eredutzat zuen defentsa politika gaitzetsi zuen. Bigarren Mundu Gerran Frantzia erori eta Pétain-ek armistizioa sinatu zuenean, De Gaullek Ingalaterrara ihes egin zuen eta 1940ko ekainaren 20an Askatasun Nazionaleko Batzorde bat eratu zela iragarri zuen; Frantzia Askeko gudarosterako gizonak eskatu eta erresistentzia bultzatu zuen. Frantzia askean behin-behineko gobernuko lehendakari izan zen, baina Konstituzio berriaren aurrean izan ziren desadostasunen ondorioz, 1946ko urtarrilean utzi egin zuen lehendakaritza. Aljeriako gerrarengatik, militarren eskaeraz bereziki, gobernuburu izendatua izan zen eta Frantziako konstituzio berria idatzarazi zuen (V. Errepublika). Gobernuburu zela, erakundeak eraberritzen saiatu zen. 1958ko irailaren 28an onartu zen Konstituzio berria erreferendum baten bidez, lehendakariari ahalmen handiagoa ematen ziona. V. Errepublika hasi zen. 1958ko azaroko hauteskundeetan U.N.R. alderdiak (Union pour la Nouvelle République) garaipena lortu ondoren lehendakari hautatu zuten. Aljeriako auziari buruz irizpide kontrajarriak azaldu ziren, baina Evian-go hitzarmenetan Aljeriaren askatasuna onartu zuen (1962). 1965ean berriro lehendakari hautatu zuten, baina 1967ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan gehiengoa galdu zuen, eta 1968ko maiatzeko krisiak gobernua jota utzi zuen. 1969an, Frantziako administrazioa eraberritzeko erreferenduma galdu eta etsi egin zuen. Politikari ezezik idazle ere bazen, eta Mémoires de guerre obran, lau liburukitan, bere estilo zorrotza eta garbia erakutsi zuen.