Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gartzea IVa Santxeitz

(«Naiarakoa» deitua). Iruñeko erregea 1035-1054 bitarteko urteetan, (1014? - Atapuerca, 1054). Antso III.a Gartzeitz Handiaren semea eta ondorengoa. Naiarara joan zen Gartzea IV.a gaztetan eta han bizi izan zen beti. Aitaren erresumako alde euskaldun osoa jaso zuen, Pirinioetako lurralde batzuk izan ezik (egungo Euskal Herria, Bureba eta Errioxa), eta anaien artean banatu zen gainerakoa: Fernandok Gaztela hartu zuen, Remirok Aragoi eta Gonzalok Ribagorza eta Sobrarbe. Bartzelonako kondearen alaba Estefaniarekin ezkondu zen. Bere erreinaldiaren hasieran Gaztelaz jabetu nahi izan zuen Bermudo Leongo erregearen aurka eta Fernando anaiaren alde borrokatu zen (1037). Garaipena lortu zuen eta Fernando Leon eta Gaztelako errege bihurtu zen; sari gisa, Burgoseraino zabaldu ziren ia Nafarroako erreinuko mugak. Remiro Aragoikoarekiko harremanak oso zailak izan ziren beti; 1044. urtean, Remirok Fernando Gaztelakoa eta Huesca, Tutera eta Zaragozako buruzagi arabiarrak Gartzea IV.aren aurka bildu zituen, baina errege nafarrak menderatu zituen Tafallako guduan. Pixkanaka Nafarroako eta Gaztelako erregeen arteko tirabirak larriagotu ziren eta Gartzea IV.a Atapuercan hil zen, Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko mugan (Burgostik 18 km-ra), elkarren artean egin zuten guduan. Antso IV.a Gartzeitz haren semea, “Peñalengoa” deitu zutena, izan zen Nafarroako ondorengo erregea. Bureba eta Oñako lurrak eskuratu zituen Gaztelak Atapuercako guduaren ondoren.