Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gartzea IIa Santxeitz

Iruñeko erregea 931-970 urteetan (913 - San Juan de la Peña, Huesca, 970). Antso I. Gartzeitzen semea eta ondorengoa. Adin txikikoa zen aita hil zenean, eta osaba, Semeno Gartzeitz, izan zen sei urtez erregeorde. Andragoto Galindez Aragoiko oinordekoarekin ezkondu eta harekin izan zuen Antso II. Gartzeitz semea, Antso Abarka deitu zena. Leongo erregeekiko lotura indartzeko, emazteari uko egin eta bigarrenez ezkondu zen Teresa Leongoarekin. 939. urtean Abd ar Rahman III.aren armada suntsitu zuen Simancasen (Valladolid, Leongo erreinua) erresuma kristauen aliantzak. 956. urtean, Ordoño II.a Leongo erregea hil ondoren, Antso I.a oinordekoa babestu zuen, Ordoño Gaiztoaren eta Fernan Gonzalez Gaztelako kondearen aurka. Preso hartu zuen Gartzea II.ak Fernan Gonzalez, baina ez zuen Kordobako emirraren esku utzi eskatu zitzaion bezala. Gartzea II.a Santxeitzen erreinaldian zartatu zen Iberiar Penintsulako errege kristauen aliantza eta, historian lehenengoz, nabarmendu zen Gaztelako konderriaren nagusitasun nahia.