Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García Sánchez, José Luis

Espainiar zinema zuzendaria (Salamanca, 1941). Zinemako Eskola Ofizialean sartu zen, baina ez zituen ikasketak amaitu, ikasle guztiak kanporatu egin zituztelako. Zuzendari laguntzaile gisa lan egin du, baita telebistan eta bideogintzan ere, eta haurrentzako liburuak idatzi ditu. 1978an, Berlingo zinema jaialdiko Urrezko Hartza irabazi zuen Las truchas (Amuarrainak) filmarengatik. Beste film batzuk: El lobo feroz, o cuando los hijos juegan al amor (1977, Otsoa edo seme-alabak amodioan hasten direnean), La corte del faraón (1985, Faraioaren gortea), Divinas palabras (1987, Hitz jainkozkoak) eta Tirano Banderas (1993).