Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García Rodero, Cristina

Espainiar argazkilaria (Puertollano, Ciudad Real, 1949). Oso gazterik hasi zen argazkilaritzan. Hamazazpi urte zituela, bere herriko tradizio zahar bati buruzko erreportajea egin zuen: El día del voto (1966, Boto eguna). 1968an, Madrilgo Arte Ederretako fakultatean pintura ikasketak egiten hasi zen, eta Arte eta Lanbide eskolan argazkilaritza ikasketak. 1971n, Madrilgo Eskolako argazkilariekin harremanetan hasi zen, eta hurrengo urteetan lan asko egin zuen, Hezkuntza ministerioaren eta Castellblanch eta Juan March erakundeen diru laguntzaz, besteak beste: paisaien argazki azterketak Segovian, sakontze ikastaroak Italian, eta abar. Italian zela, Espainiako festa, ohitura eta tradizioen argazki bidezko azterketa egiteko proiektua prestatu zuen. 1983tik aurrera, argazki irakasle aritu da Madrilgo Arte Ederretako fakultatean. Hamarraldi horretan erakusketa ugari egin zituen, bai Espainian bai Espainiatik kanpo: Mexikon, Frantzian eta Estatu Batuetan, adibidez. 1985ean, bere obra osoa sarituz, Planeta saria eman zioten. Bere lanik hoberena Espainia “atzeratuenaren”, Espainia “beltzaren” (García Roderok berak “Espainia ezkutua” deitzen duenaren) argazki bilduma da: etnografia edo antropologia azterketa zehatza baino gehiago, garapenaren ahanzturan galdutako kultura baten magia eta misterio guztiaz betetako bizi pusken bilduma.