Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García Valverde, Julián

Espainiar politikari eta ekonomista (Madril, 1946). Ekonomia ikasketak egin zituen, eta Espainiako Administrazioan sartu zen: Estatuko Ekonomisten Taldeko teknikaria izan zen 1976-1982 bitartean, batez ere industria eta energia alorreko enpresetan. Bere alderdiak, Alderdi Sozialistak, 1982an hauteskundeak irabazi ondoren, Industriako Institutu Nazionaleko presidenteorde izendatu zuten, eta Europar Batasunean sartzeko beharrezko ziren industria birmoldaketetan parte hartu zuen (Mediterraneoko Labe Garaiak, ontzigintza...). 1985ean RENFEko zuzendari hautatu zuten. 1991n, Gobernu berria osatzean, Felipe González presidenteak Osasun ministerioko buru izendatu zuen, bertako finantza arazoak konpontzeko asmotan, baina urte hartan bertan, RENFEko lursail batzuen salmenten irregulartasunaren arazoa argitara atera, eta 1992an Diputatuen Kongresuan agertu behar izan zuen, azalpenak ematera. Lursailen esleipen moduak argi geratu ez ziren arren, eta Gobernuko presidentearen babesa izan arren, urte hartan bertan dimisioa eman zuen, hedabideen presioa zela-eta. Espainiako gobernuak Londresko Enbaxadako merkataritza gaietarako aditu izendatu zuen. Handik hilabete batzuetara, epaitegi batek RENFEko auzian errugabetzat jo zuen.