Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García Montero, Luis

Andaluziar olerkigilea (Granada, 1958). Filologiako lizentziaduna da; irakasle gisa lan egin du, eta horretan dihardu gaur egun ere, Granadako Unibertsitatean. Lan didaktikoez gainera, lan kritiko zabala eta literaturaren inguruko saiakera bikainak idatzi ditu, besteak beste, El teatro medieval. Polémica de una inexistencia (1984, Erdi Aroko antzerkigintza. Existitzen ez den zerbaiten eztabaida), La norma y los estilos en la poesía de Rafael Alberti (1986, Araua eta estiloak Rafael Albertiren poesian), Poesía, cuartel de invierno (1987, Poesia, neguko kuartela), ¿Por qué no es útil la literatura? (1994, Zergatik ez da erabilgarria literatura?), azken hau Antonio Muñoz Molina granadar idazlearekin batera. Luis García Monteroren obrek antzerki edo eleberri baten tankerako egitura dute, eta pertsonaia protagonista batek bere historia bizi ala kontatzen du memoriaren bidez, oroitzapenaren bidez, grinaren bidez. Bere olerkiak "esperientziaren poesia" delako higikundearen baitan sailkatzen dira, eta oreka bilatzen dute fantasiaren eta egunerokotasunaren artean. Hauek dira bere liburu aipagarrienak: El Jardín extranjero (1983, Atzerritar lorategia), La otra sentimentalidad (1983, Beste sentimentaltasuna), Mil novecientos diecisiete versos (1987, Mila bederatzirehun eta hamazazpi bertso), Diario cómplice (1987, Egunkari konplizea), Las flores del frío (1991, Hotzaren loreak), Además (1993, Gainera), Habitaciones separadas (1994, Gela bereiziak), La palabra de Ícaro (1996, Ikaroren hitza), La puerta de la calle (1997, Kaleko atea), Completamente viernes (1998, Erabat ostiral).