Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García Meza, Luis

Boliviar militar eta politikaria (La Paz, 1930). 1947. urtean Akademia Militarrean sartu zen, zaldunerian, eta behin graduazioa lortu zuelarik karrera militarra egin zuen. Hainbat zeregin bete zituen gudarostean, besteak beste Gudarostearen Eskola Militarreko komandante izendatu zuten 1976an, eta 1979an, Natusch koronelaren estatu kolpearen ondoren, komandante orokor izendatu zuten. Beste estatu kolpe baten ondoren Errepublikako lehendakaritza hartu zuen, 1980. urtean. Demokrazia ezartzea eta herritar guztientzako justizia, bakea eta segurtasuna lortzea zen bere helburua, hasierako hitzaldian esan zuenez, baina bere agintaldian zapalkuntza, ustelkeria eta narkotrafikoaren babesa nagusitu ziren. 1981. urtean, Errepublikako Batzar Orokorraren esku utzi behar izan zuen bere kargua. 1989an Boliviako Kongresuak Luis García Meza atxilotzeko agindua eman zuen, besteak beste, hilketak, jazarpena, narkotrafikoa, Estatuaren konstituzioa ez errespetatzea eta giza eskubideen kontrako erasoak egin izana leporatu ziotelarik. Urte hartan bertan ihes egin zuen, baina, 1994an atxilotu zuten Sao Paulon. Atxiloketa gertatu eta berehala eskatu zuen Boliviak estradizioa, eta bere eskaera onartu zen arren, ezin izan zuten 1995. urtea arte estraditatu. Harrezkero espetxean da García Meza.