Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

garbizaletasun

iz. Garbizalea denaren nolakotasuna; hizkuntza garbitasunaren aldeko joera. v Hizkl. Hizkuntza baten historian une jakinetan hartu izan den hizkuntzarekiko jokabidea da garbizaletasuna, askotan abertzaletasuna sortu eta indartu den uneetakoa. Hizkuntzaren barnetik sortutako hitzak eta egiturak, eta ez beste hizkuntzetatik hartutakoak, erabiltzearen aldekoa da. Euskarari dagokionez, XX. mendearen hasieran garbizaletasunaren aldeko joera nabarmena sortu zen, eta 1960. urte ingurua arte indar handiz iraun zuen. Sabino Aranaren ideologiaren barruan euskara, Euskal Herria bezalaxe, bakarra zen eta kanpoko eta inguruko herriekin zerikusirik ez zuena; horrenbestez hizkuntzak ez zuen hitz eta egitura arrotzik onartu behar. Sebero Altubek Erderismos liburuan (1929) sintaxi garbizalea proposatu zuen; Altuberen ereduak eragin handia izan zuen urte askotan euskal literaturan, eta badu oraindik ere.