Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fry, Christopher

(Jaiotza izena, Christopher Harris). Ingeles antzerkigilea (Bristol, 1907). Irakasle gisa lan egin zuen Limpsfieldeko eskola batean 1928-1931 bitartean. 1932. urtean Tunbridge Wells Repertory Players antzezle eskolako zuzendari egin zuten, eta kargu hartan iraun zuen 1935. urtea arte; 1939-1940 eta 1945-1946 urteetan Oxford Playhouseko zuzendaria izan zen. Londresko Arts Theatre Clubeko zuzendari bisitari (1946) eta antzerkigile gisa ere jardun zuen. XX. mendearen lehen erdian antzerkigintza errimatuaren pizkundearen aitzindarietako bat izan zen; Elisabet I.a erreginaren agintaldiko antzerki tradizioari jarraitu zion idazle ospetsuenetako bat izan zen. Bere antzerki lan gehienak antzinako gaietan oinarrituak dira, baina ez dute esanahirik galdu; era berean, T. S. Eliot idazlearen eragina ere nabarmena du. Fry bere komedia poetikoengatik da batez ere ezaguna. Idazle gisa 1948an lortu zuen ospea, The Lady's Not for Burning, Erdi Aroan giroturiko komedia ironikoaren estreinaldiarekin. Aipagarriak ditu, orobat, The Boy with a Cart (Mutila orgarekin), 1950ean estreinatua Londresen, eta erlijio gaiak oinarri zituela idatzitako A Sleep of Prisoners (1951, Presoen loa) eta The Dark Is Light Enough (1954, Gaua nahikoa argia da). Lan haiek argitaratu ondoren, urteak eman zituen itzulpenak egiten (frantsesetik batez ere), harik eta A Yard of Sun idatzi zuen arte (1970ean antzeztu zen). Hainbat film epikotan lan egin zuen, besteak beste, Ben-Hur (1959) eta Barabbas (1962) filmetan. Telebistarako ere idatzi zuen, The Bront‘s of Haworth (1973), lau antzerkiz osaturiko saila, adibidez. Azken obren artean azpimarratzekoak dira: Can You Find Me: a Family History (1978, Bila iezaidazu familiako istorio bat), bere familiaren kronika; Death Is a Kind of Love (1979, Heriotza maitasun mota bat da) eta Charlie Hammond's Sketch Book (1980, Charlie Hammonden Sketchak).