Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Font i Rius, Josep María

Katalan historialaria eta legelaria (Bartzelona, 1915). Espainiako Gerra Zibilean, Kataluniako dokumentu ondarea zaintzeko eta katalogatzeko taldean parte hartu zuen, Duran i Sampereren gidaritzapean, eta Kataluniako Generalitaten babespean. Gerra ondoren, dokumentu horiek beren jatorrizko artxiboetan sartzeko ardura izan zuen. Denbora horretan aztertu ahal izan zituen dokumentuetan oinarritu zituen bere ondorengo lan historikoak. Bere doktorego tesiak (1945) ondorengo ikerketen ildoa definitu zuen: Bartzelonako udal erregimena. Espainiako Zuzenbidearen Historiako katedradun gisa, La Laguna (Kanariak), Murtzia, Valentzia eta, azkenik, 1954tik aurrera, Bartzelonako Unibertsitateetan eman zituen eskolak. Egin duen lan izugarria eta idatzita utzi duen obra oparoa dela eta, Kataluniako Zuzenbideari buruzko historialari nagusi eta ospetsuentzat daukate. Obra nagusiak: Orígenes del régimen municipal de Cataluña (1945); Instituciones medievales españolas (1949); Cartas de población y franquicia de Cataluña (1963-83); Franquicias urbanas medievales de la Cataluña la Vella (1960); El proçés de formació de les customs de Tortosa (1973); Jaume I i la municipalitat de Barcelona (1977); El antiguo derecho local de la ciudad de Balaguer (1982); Estudis sobre els drets i institucions locals en la Catalunya medieval (1985).