Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Foix-ko konderria

(Gaskoiez, Fouch) Pirinioetako iparraldeko antzinako konderria, Frantziako egungo Ariège departamenduarekin ia guztiz bat datorrena. Carcassonneko kondeen mendeko lurralde bihurtu zen X. mendean, eta Roger Carcassonnekoa izan zen Foixko lehen jauna. Roger II.a, haren semea, izan zen Foixko I. kondea (1050). Roger-Bernard II.a (1223-1241), Tolosako Raymond VII.aren alde azaldu zen eta albitarren alde gudukatu zen. Haren seme Roger-Bernard III.ak ezkontza bidez eskuratu zuen Biarno 1290. urtean. XIV. mendean, gailurra jo zuen Foixko etxeak Gaston III.a Febus deituriko kondearen agintaldian. Graillyko etxearen esku geratu zen konderria XIV. mendearen bukaeran, eta XV. mendearen bukaeran koroa bakar batera bildu zituen Foixko konderria eta Nafarroako erresuma Albreteko etxeak. Foixko azken kondeak, Nafarroako Henrike III.ak eta Frantziako Henrike IV.ak, Frantziako koroaren mende jarri zuen konderria 1604. urtean.