Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Figgis, Mike

Britainiar zinema zuzendaria (Carlisle, Ingalaterra, 1948). Haurtzaroa Kenyan eman zuen. Familiarekin Londresera joan zen gero, eta han antzerki eta publizitaterako zaletasuna sortu zitzaion. Newcastlen jarraitu zuen ikasten, eta Brian Ferryrekin batera rock talde bat osatu zuen. 1980. urtean bere antzerki taldea eratu zuen: The Mike Figgis Group. Talde horrekin Slow Fade lana sortu zuen, geroago bere lehen filmerako oinarri gisa erabiliko zuena. Antzerkian eta telebistan lan egin zuen. 1984an The House zuzendu zuen, eta urte batzuk geroago Women and Men (1991). Bere lehen filma, Astelehen ekaiztsua, jazz eta blues erritmoan kontatutako istorioa izan zen. Film hark Hollywoodeko ateak ireki zizkion, eta bertan, Melanie Griffith, Sting eta Tommy Lee Jonesekin lan egin ahal izan zuen. Kontu zikinak izan zen hurrengo filma, Andy García eta Richard Gererekin. Horren ondoren, Liebestraum egin zuen, Kim Novak antzezleak egindako azken filma. Beste lan batzuk: Mr. Jones (1993, Richard Gere protagonista duena), Browning bertsioa (1994) eta Leaving Las Vegas (1995). Bere film askotarako musika idatzi izan du.