Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fernán Gómez, Fernando

Espainiar antzezle eta zinema zuzendaria (Lima, Peru, 1921 - Madril, 2007). Hiru urte zituela Peru utzi eta Espainiara joan zen. Argentinako herritartasuna izan zuen, eta ondoren, espainola. Eleberrigile eta antzerkirako obren idazlea den arren, ezagunagoa izan da bere interpretazio lanarengatik. Lehenengo arrakasta gerra ondorengo La mies es mucha (1948) eta Botón de ancla (1947) filmekin lortu zuen. Gizon zintzo eta arruntaren rolak egitetik, pertsonaia sakon eta bitxietara pasatu zen, Jaime de Armiñánen Stico (1984) filmean ikus daitekeen bezala. Bere burua esklabotzen duen irakaslearen lan horrek Berlingo Zilarrezko Hartza eman zion. Emaitzarik onenak, hala ere, zuzendari gisa lortu zituen: El viaje a ninguna parte (1986), Mambrú se fue a la guerra (1986), El mar y el tiempo (1989). Antzerkirako interpretatu zituen lanen artean Las bicicletas son para el verano nabarmendu behar da. Lan horrekin Lope de Vega saria lortu zuen 1978an. 1998an Real Academia Españolako kide egin zuten. Protagonista gisa egin zuen azken filma Benito Pérez Galdósen El Abuelo (1998) izan da.