Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Filipe IIa Espainiakoa

Espainiako erregea 1556-1598 bitarteko urteetan (Valladolid, 1527 - El Escorial, 1598). Karlos V.a Germaniako enperadore eta Espainiako erregearen eta Elisabet Portugalgoaren semea zen. Gaztelan hezi zuten eta horrexegatik ez zituen koroaren mendean zeuden Herbehereak inoiz begi onez ikusi. Hara bidali zuten, halere, 1555. urtean. Ingalaterrako moldeak ere ez zituen gogoko, baina Maria Tudor Ingalaterrako erreginarekin ezkondu zen. 1556. urtean izendatu zuten errege, Karlos V.ak agintea utzi eta gero. Aitak abiarazitako politikaren ildotik, Frantziako erreinuaren aurkako borrokari ekin zion, baina Cateau-Cambrésis-ko hitzarmenean (1559) hutsean geratu ziren lortu zituen garaipenak (Saint-Quentin, 1557; Gravelines, 1558). Maria Tudor hil ondoren (1558), Elisabet Ingalaterrakoarekin ezkontzen saiatu zen, baina alferrik, eta aurrerantzean Ingalaterrako protestanteak izan zituen arerio. Erlijio katolikoa Espainiako inperioko lurralde guztietan babestu eta zabaltzea izan zen Filipe II.aren politikaren helburu nagusietako bat. Horretarako Inkisizioa indartu eta dogma katolikotik kanpo zeuden erlijio eta jokaera guztiak zapaldu zituen. Erlijio gerra haietan, Lepantoko guduan lortu zuen garaipenik garrantzizkoena, otomanoen aurka (1571). Nolanahi ere, ez zuen Herbeheretako ereformazaleak makurraraztea lortu eta, bideratu zuen zapalkuntza latzarengatik ere, amore eman eta utzi egin behar izan zituen lurralde haietako gehienak (Utrecht-eko Batasuna, 1579). Ingalaterrako koroaren laguntza izan zuten prozesu hartan Herbeheretako protestanteek. 1588. urtean, Armada Garaitezina (Esp. Armada Invencible) antolatu eta bidali zuen Ingalaterraren aurka, erresuma inbaditzeko asmoz. Porrota izugarria izan zen; herriko marinel eta ontzi asko galdu ziren hartan. Frantziako erregetzarako gatazken garaian (1589), katolikoen ligaren alde hartu zuen parte Filipe II.ak, Henrike III.a Nafarroakoaren aurka. Huts egin zuen Frantzian berriro ere eta Vervinsko hitzarmenak (1598), Cateau-Cambrésisko hitzarmenean zeuden bezala utzi zituen gauzak (1559). Filipe II.aren garaian izugarri zabaldu zen Espainiako inperioa (Amerika, Filipinetako uharteak) eta 1580. urtean Portugalgo erreinuaz eta inperioaz jabetu zen Espainiako koroa. Filipe II.a maila handiko aholkulariz eta militarrez inguratua egon zen beti (Albako dukea, Granvelle, Alexandro Farnese, Juan Austriakoa…), baina ez zen batere trebea izan administrazioan eta barne politikan. Ameriketan pilaturiko urre guztiagatik ere, lur jota utzi zuen Espainiako ekonomia; bestalde erlijioan ezarri zituen lege zorrotzak oso ondorio txarrak ekarri zizkion Espainiako erresumari, Filipe II.aren garaian “urrezko mendea” izeneko aroa hasi zen arren.