Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Filipe IIa

edo Filipe Augusto. Frantziako erregea 1180-1223 bitarteko urteetan (Paris, 1165 - Mantes, 1223). Luis VII.aren semea. Elisabet Hainaut-ekoarekin ezkontzean (1180) Artois bereganatu zuen. Erregetza hartu bezain laster, Plantageneten kontra hasi zen, haiek Ingalaterran eta Frantzian zuten inperioak Frantziako erregetza mehatxupean jartzen baitzuen. Ingalaterrako Henrike II.aren eta haren semeen, eta bereziki Rikardo Lehoi-Bihotzaren arteko istiluak bultzatu zituen; Rikardorekin batera Henrike II.a Azay-le-Rideau-n menderatu zuen (1189). Ondoren, Hirugarren Gurutzadara joan zen Rikardorekin (ordurako Rikardo errege zen, 1189az geroztik). Baina Akreko San Joan hartu ondoren, Rikardorekin haserretuta, Frantziara itzuli zen berriro (1191), eta Joan Lurgabearekin Plantagenetekoek Frantzian zituzten lurrak hartzen saiatu zen. Filipe Augusto Freteval-en (1194) eta Courcelles-en, Beauvais ondoan (1198) garaitu zuen Rikardok, eta Ingalaterrako erregea hil zelako (1199) atera zen onik Filipe Augusto. Joan Lurgabea errege aitortu zuen Filipe Augustok Vexingo zati baten eta Evreuxko lurrealdearen truke (1200). Baina ondoren (1202-1206) bere feudoak galtzera kondenatu zuen Joan Lurgabea eta kendu egin zizkion: Normandia, Maine, Anjou, Touraine, Saintonge eta une batez Poitou lurraldea. Joan Lurgabea Roche-aux-Moines-en garaitu zuen, eta Oton IV.a eta Portugalgo Fernando, Flandesko kondea, Bouvinesen (1214) zapaldu zituen. Filipe Augustok Auvergne, Amiens, Vermandois eta Valois hartu zituen. Zentralizazioaren bidez indartu zuen bere aginpidea. Elizarekin harreman onak izan zituen; aginpidea zabaldu eta burgesiaren gainean oinarritu zuen, eta udaletako mugimenduak eta merkataritza bultzatu zituen. Ezin ezarri ahal izan zituen zerga iraunkorrak, baina altxorra ondo zaindu zuen Tenpluko ordenaren eskuetan jarriz. Paris handitzen eta edertzen saiatu zen; Louvre sortu eta Parisko Unibertsitateari arautegi berria eman zion (1215). Danimarkako Isambur-i (edo Ingeborg) uko egin eta Merango Agnesekin ezkontzean, arazoak izan zituen Aita Santuarekin (Inozentzio III.a). Hark gurtza debekua ezarri zuen Frantzian (1200).