Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Everest

(Tibeteraz, Xomolugma; Nepaleraz, Saragmatha) Sartaldeko herrietan, George Everest geofisikari ingelesaren omenez, munduko mendirik garaienari ematen zaion izena. 8.848 m garai da. Himalaian dago, Nepalen eta Tibeten arteko mugan. 1841ean, trigonometria erabiliz, 8.882 metrotako garaiera iritzi zion sir George Everestek, baina gerora 8.848 m-tan finkatu zen, jakitun batzuen ustetan 9.000ak gainditzen baditu ere.  v  Historia. Urte luzeetan mendigoizaleen amets izan zen Everest. 1921eko bidaldia (Howard Bury) iparraldeko mendi lepora iritsi zen. 1922koa (G.C. Bruce) 8.326 metrotaraino iritsi zen, baina ezbehar handi batez bukatu zen. 1924an Nortonek 8.570 metro egin zituen. Mendia bi bider aztertu ondoren, hiru talde antolatu ziren Everesterako: Frantziakoa, Suitzakoa eta Britainia Handikoa. Britainiarra iritsi zen lehena gailurrera (Edmund Hillary eta Tensing xerpa 1953ko maiatzaren 29a). Suitzarrek (1956) eta txinatarrek (1960) ere garaitu zuten Everest. 1980. urtean, Martin Zabaleta euskaldunak eta Pasang Temba xerpak iritsi zuten gailurra. Everestera antolatu zen bigarren euskal bidaldia zen; lehenengoa 1974. urtean egin zen, baina etsi behar izan zuten 8.530 m-ko goratasunean. 1992. urteko iraila-urrian, beste zazpi mendizale euskaldunek iritsi dute gailurra: Iñurritegi anaiak eta Iosu Bereziartua gipuzkoarrek eta Pitxi Fernandez, Patxi Egillor, Mikel Reparaz eta Pedro Tous nafarrek.