Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eugenio, Savoiako printzea

Austriako militar eta politikaria (Paris, 1663 - Viena, 1736). Soissonsgo kondearen bosgarren semea zen. Luis XIV.arekin etsita, enperadorearen zerbitzura joan zen. Turkiarren gerra handian, Mohacs-en nabarmendu zen (1687), Zentako garaipena lortu aurretik (1697). Espainiako Erregetzarako gerran, armada inperialeko buru zela, Blenheim (1704), Turin (1706), Oudernade (1708) eta Malplaquet-eko (1709) garaipenak lortu zituen, Milanaldea eta Lonbardia eskuratuz. Baina Villars-ek Denain-en garaitu zuen 1712. urtean. Diplomatiko ona zela erakutsi zuen Rastadt-eko hitzarmenean (1714). Danubioko frontean berriro ere, Belgrado hartu (1717) eta Passarowitz-eko bakea (1718) izenpetuz turkiarren gaineko mendekotasuna lortu zuen. Hirurogeita hamar urteko agure zela Poloniako Erregetzarako gerran hartu zuen parte. Historiako gerra gizonik handienetakoa izan da, eta era berean humanista eta artezale handia.