Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Etxeberria Canales, Hasier

Gipuzkoar kazetari eta idazlea (Elgoibar 1957). Lanbidez kazetaria da, eta jardun horretan egindako ahaleginengatik irabazi ditu hainbat sari: Gabriel Aresti, Bilintx, Ricardo Arregi, Antena de Oro, Emakunde (telebistagintzan). Telebista saio asko zuzendu eta aurkeztu ditu, sukaldaritzakoak hasieran, eta, azken urteotan, literaturgintzari eta oro har kulturari eskainitakoak gehienbat. Ohiko zutabegile ere bada Euskaldunon Egunkaria edota El Mundo del País Vasco egunkarietan. Bere idazle lanari dagokionez, ipuina da gehien landu duen generoa, eta lehiaketa ugari irabazi du. Bere lehen nobela, Mugetan, 1998an argitaratu zuen, eta 1999koa du bigarrena: Arrainak ura baino. Eleberri horrekin Irun Hiria Literatura saria irabazi zuen 1998an. Haur literaturaren eremuan, Estatua baten historia lana argitaratu du, besteak beste. 2003an Damian Arruti entomologoa protagonista duen Eulien bazka eleberri beltza argitaratu zuen, eta 2005ean segida eman zion Mutuaren hitzak eleberriarekin. 2007an, berriz, Cosme Iturrino magoaren bizitzari buruzko eleberri bat argitaratu zuen: Iturrino Handia.