Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Erik

Danimarkako zenbait erregeren izena.  v  Erik I.a. Ejegod (Onbera). 1085-1103 bitartean izan zen errege (1056 - Txipre, 1103). Wendoen kontrako kanpainak egin zituen, eta Jerusalema erromes zihoala hil zen Txipren.  v  Erik II.a. Emune (Gogoangarria). 1131-1137 bitartean izan zen errege (Riben hila, 1127). Erik I.aren semea. Rügen uharteko piraten kontra gudukatu eta Arkonako hiria hartu zuen. Laborari matxinada batean hil zuten.  v  Erik III.a. Lam (Axuria). 1137-1147 bitartean izan zen errege (Odensen hila, 1147). Erik I.aren biloba. Fraide egin zen, erregetzan aritu gabe.  v  Erik IV.a. Plovpenning (Goldearen Zergarena). 1241-1250 bitartean izan zen errege (1216-1250). Bere anaia Abelen kontra aritu zen; Estoniaren kontra ere bai. Anaiak agindurik hil zuten.  v  Erik V.a. Glipping (Begi-okerra). 1259-1286 bitartean izan zen errege (1249-1286). Kristofer I.aren semea eta ondorengoa. Handikien aurka jokatu nahi izan zuen, baina haiek estatu kolpea jo eta hil egin zuten.  v  Erik VI.a. Menved (Hitzeko Gizona). 1286-1319 bitartean izan zen errege (1274-1319). Erik V.aren semea eta ondorengoa. Handikien eta kleroaren kontra borrokatu zen. Lübeck, Rostock eta Wismar hiri alemaniarrak hartu zituen, baina ezin gorde izan zituen.