Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elhuyar Lubice, Juan José

Jatorri euskalduneko kimikaria eta mineralogoa (Logroño, 1754 - Bogota, 1796). Gurasoak lapurtarrak zituen. Bere anaia Fausto Fermínekin batera, tungstenoa edo wolframioa bakartu zuen lehen kimikaria izan zen. Euskal Herriaren Adiskideak elkarteko kidea izan zen. Suediara joan zen Espainiaren aldeko espioitza lanak egitera (mineralogo jakintsuak kontratatzera eta ingelesek eta suediarrek kanoiak egiteko zituzten metodoak ikastera). Torbern Olof Bergman mineralogo ospetsuarekin egin zuen lan Suedian. Bergarara etorrita, tungstenoa bakartu zuen, anaiarekin batera, eta hala bete ziren Bergmanek metal ezezagun hari buruz aurreratu zituen teoriak. 1784. urtean Bogota aldera jo zuen Granada Berriko Erregeorderriko (oraingo Kolonbia) meatzetako zuzendari nagusi gisa, eta bertan hil zen hamabi urte geroago. Metalen trataerari buruzko lan ugari eman zuen argitara.