Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elhuyar Lubice, Fausto Fermín

Jatorri euskalduneko kimikaria (Logroño, 1755 - Madril, 1833). Gurasoak lapurtarrak zituen. Juan José anaiarekin batera, tungstenoa edo wolframioa bakartu zuen lehen kimikaria izan zen. Zientzia ikasketak Parisen egin zituen 1770-1776 urteetan. Euskal Herriaren Adiskideak elkarteko kidea zen garai hartan. 1778. urtean Alemaniako Freiburg-era jo zuen mineralogian gehiago sakontzearren. Bergarako Errege Mintegian jardun zuen ondoren (1781-1785). Bertan bakartu zuten tungstenoa Elhuyar anaiek, azido wolframikoaren erredukzioaren bidez (1783). Urte horretan bertan, Somorrostroko burdin meatzeei buruzko txosten bat aurkeztu zuen Fausto Elhuyarrek. Anaiak bezala, mineralen azterketan egin nahi zuen lan eta Bergara utzita Hungaria, Saxonia eta Austriara jo zuen Born baroiaren metodo berriak ikastera (1785). Gero Nueva Españako (Mexiko) meatzetako zuzendari izendatu zuten (1788). 1821. urtera arte jardun zuen Mexikon. Meatzetako ustiaketak antolatu eta eskola bat sortu zuen. Aldi berean logia masoi bat sortu zuen lurralde haietan. Mexikoko independentziaren aldeko gatazkak hasi zirenean, Espainiara itzuli zen eta hainbat administrazio kargu bete zuen. Espainiako meatzeetako zuzendari nagusia izan zen eta Madrilgo Escuela de Minas ikastegia sortu zuen.