Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

elefante

iz. Lehorreko ugaztun handiena, azal-zimurra, muturra eta letaginak oso luzeak eta belarriak zabalak dituena (Loxodonta sp. eta Elephas sp.).  v Bizi izan dira gehiago ere, baina bi elefante motak diraute bizirik: Asiakoa eta Afrikakoa. Usaimen eta entzumen oso finekoak dira biak. Letaginak bolizkoak dituzte, oso baliotsuak dira berez. 300-350 kg inguru belar eta hosto behar izaten dute egunean eta km asko egiten dituzte horien bila, taldean ia beti. 150 urte edo gehiago bizi daitezke berea duten ingurunean bizi badira. Arraren ernaltze gaitasuna 20 urterekin hasten da, gutxi gorabehera, eta emeak ere ez dezake 16 urte baino lehen umerik izan. 18-22 hilabetekoa izaten du ernaldi bakoitza. Afrika erdialdeko eta Asia eki-hegoaldeko oihanak eta sabanak dituzte bizilekurik gogokoenak. Asiako lurralde horietan oso erabiliak dira garraiorako eta kargarako; animalia otzanak dira berez. Letaginak saltzeko elefante asko harrapatu izan da, baina gaur egun debekatua dago hori egitea. Pleistozenoan baziren beste hainbat elefante mota Afrikan, Ameriketan, Asian eta Europan, baita bat nanoa ere Mediterraneoko uharteetan. Aurkitu dira metro bete baino gutxiago altuko fosilak Kretan.  v  Indiako elefantea (Elephas indicus). 3 m inguru izaten da altu, eta 7 m luze. Belarriak ez ditu oso handiak; arrak letagin txikiak ditu, eta emeak ez du letaginik. Aurreko hanketan bost apatx izaten ditu, eta atzekoetan lau.  v  Afrikako elefantea (Loxodonta africanus). Tamainaz Indiakoa baino handiagoa da (4 metro altu), belarri zabalagoak eta letagin luzeagoak ditu (2,50 m luze arrarenak). Ez du, Indiakoak bezala, buru atzean sakonik edo konkorrik bizkarrean. Zurda batzuk ditu lepo gainean eta sabel azpian.     Itsas elefantea. Fokaren familiako itsas animalia ugaztuna, 5-6 metro luzekoa eta 3.000 kg inguruko pisua izaten duena (Mirounga leonina). Zurdaren antzeko ile gris urdinxka edo gaztaina kolorekoa izaten du, aurreko hankak motz sendoak, igerirako egokituak, eta atzeko biak, hegal bihurtuak. Arrek mutur handia dute, tronpa itxurakoa. Atlantiko hegoaldeko uharteetan eta Antartiko inguruko itsasoetan dituzte ohiko bizilekuak, baina migratzaileak dira. Emeak urtebete pasatzen du ernari, eta umeak 1,20-1,30 m luzerakoak jaiotzen dira, beren kabuz baliatzeko gai direla.