elebitasun
iz. Elebiduna denaren nolakotasuna; bi hizkuntza gertatzen diren egoera edo zertzelada. v Bi elebitasun mota bereizi ohi dira: batean bi hizkuntzak modu berean ikasten dira eta eremu beretan eta funtzio berberetarako erabiltzen dira; bestean, helburu desberdinetarako erabiltzen dira bi hizkuntza horiek. Azken kasu honetan, gehienetan hizkuntza bat nagusi izaten da eta bestea bigarren mailako (ik. diglosia). Nolanahi ere, elebitasunak bi hizkuntzen arteko kutsadura eragiten du; talde baten elebitasun egoera luzeak hizkuntza aldaketak ere ekar ditzake. v Sarritan esan ohi da leku elebidunetan hezitako haurrak beren kideko haur elebakarrak baino motelagoak direla eskola lanetan. Horrelakorik ez da, ordea, frogatu; izan ere, ama hizkuntza(k) txiki txikitan ikasten dira, eta ez dirudi horrek inolako ahalegin berezirik eskatzen duenik. Areago, hizkuntzalari batzuk diotenez, haur elebidunak erraztasun handiagoa du, gutxienez, beste hizkuntzak ikasteko.