Elefanta
Bombayko badian dagoen uharte txikia eta garrantzi handiko arkeologia aztarnategia. Bertako hizkuntzan Gharapuri du izena. Elephanta izena portugaldarrek jarri zioten, gero Bombayra eraman zuten harrizko elefante handi bat aurkitu zutelako bertan. VIII. eta IX. mendeen artean harria zulatuz egindako tenpluengatik da ezaguna. Eskultura dotore handiz apainduak daude horietako tenplu batzuk, Gupta estiloan eginak. Portugaldarrak uhartearen jabe egin zirenean gurtza leku izatea galdu zuen, eta portugaldar soldaduek hondatu egin zituzten. Tenplu eta eskultura horien berritze lanak 1970ean bukatu ziren. Harrezkero izen handiko turismogune bihurtu da uhartea. Eskulturarik aipagarriena hiru buruko Trimurti da, Sivaren, Vishnuren eta Brahmaren buruak alde banatara dituena.