eleberri
iz. Prosazko kontakizun aski luzea, alegiazkoa baina egiantzekotzat ematen dena, nobela. v Esan ohi da Europako eleberria Miguel de Cervantesen Don Kixoterekin (1605) hasi zela, bai gaiari dagokionez (jarrera kontrajarriak: zaldunaren ezinezko idealismoa eta zerbitzariaren izaera lurtarra), bai teknikari dagokionez (egilearen persona-ren erabilera). Gero, Ingalaterran errotu zen aurrenekoz eleberria; Daniel Defoe, Samuel Richardson eta Henry Fielding-ek, denek bateratsu, XVIII. mendearen hasieran idatzi zuten, eta Ingalaterrako genero irakurriena bihurtu zen haien lana. Joera hori azkar hedatu zen, eta XIX. mendean eleberri bikainen iturburu izan zen, Britainia Handian, Frantzian, Errusian eta Estatu Batuetan batez ere. Hedapen azkar horren zergatietako bat da lehenago literaturaz kanpo egondako bizikizunak ikertzeko eta azaltzeko eleberriak zuen ahalmena. Aurreneko aldiz, eguneroko bizimoduaren txikikeriak idazlearen arduraren gune egoki izan ziren. Eleberriko protagonistak ez zuten zertan heroi izanik; berdin izan zitezkeen errege edo morroi. Hala, Europako eleberriaren erakargarritasuna, eguneroko bizimodua beste edozein literatura formak baino leialago azaldu ahal izatean datza. Bestalde, egiazkotasun hori lortzeko arauen eta konbentzio berrien bilaketak egin du eleberriaren historia. Eta, alderdi errelista hori berezkoa duelako agian, XIX. mendean jo zuen gailurra, eleberri errealistarekin. Garai horretakoak dira, gutxi gorabehera, Dickens, Thackeray eta George Eliot Ingalaterran; Balzac, Flaubert eta Zola Frantzian; Turgenev, Tolstoi eta Dostoiesvski Errusian, eta Hawthorne eta Melville Estatu Batuetan. XX. mendean eleberria behinolako segurtasuna galtzen hasi zen, lehenagoko ustea, literatura hizkuntzak eta teknikak giza bizikizunak adieraz zitzakeela alegia, zalantzan jarri baitzen. James Joyce, besteak beste, errealitateak literatura adierazpenari uko egiten dion alderdiak aztertzen hasi zen. Bide horretatik, irakurle arruntarengandik aldendu zen eleberria; prozesu hori mendearen erdi aldeko «anti-eleberrian» gertatu zen (Frantziako nouveau roman, etab.). Esperimentu horiek zenbaitetan interes handiko lanak eragin badituzte ere, eleberri «literarioaren» eta herrikoiaren arteko tartea handitu egin dute. Zenbait eleberrigilek, Graham Greenek esate baterako, bien arteko zubia egitea lortu dute, baina tarte hori XX. mendearen azkenaldiko eleberriaren ezaugarri nagusietako bat da, hala ere. v Euskal eleberria berandu sortua da. Euskaraz idatzitako aurreneko eleberria, generoaren arau guztiak betetzen zituena, 1898an argitaratu zen: Domingo Agirreren Auñemendiko lorea. Hala ere, badira ia ehun urte lehenagotik eleberri saiotzat edo eleberritzat har daitezkeenak. Horien artean aurrena, Juan Antonio Mogelek idatzi zuen: Peru Abarca (1802an idatzia, 1881ean argitaratua). Bertan, nekazari baten eta kirurgialari baten arteko elkarrizketa ageri da. Dasconaguerrek Atheka gaitzeko oihartzunak (1870) argitaratu zuen, kontrabandista baten istorioa kontatuz, baina jatorriz frantsesez zegoen idatzita. Jean Bauptiste Elissamburuk Piarres Adame idatzi zuen (1889) eta Duvoisin kapitainak Baigorriko zazpi liliak (1884). Guztietan ere baserri giroa ageri da nagusi. Domingo Agirreren Joanes artzaina pertsonaia (1912, Garoa) da horren eredu garbiena. Gizon tolesgabea, osoa eta prestua da, kaleko giro nahasiarekin harremanik nahi ez duena. Ohiturazko eleberriak dira guztiak. Literatura egiteko jarrera hori ez zen oso berandu arte erabat eten; hala ere, Yon Etxaidek, Espainiako gerra ondorenean, Joanak-joan argitaratu zuen (1955); Etxahun koblariaren bizitza kontatzen du bertan, era berriago batean baina etenik sortu gabe. Urte berean agertu zen lehen euskal polizia eleberria, Amabost egun Urgain-en, Jose Antonio Loidik egina eta irakurleengan arrakasta handia lortu zuena. Baina eleberrigintza modernoaren benetako zantzuak J. L. Alvarez Enparantza «Txillardegi»rekin etorri ziren (1957, Leturia’ren egunkari ezkutua). Lehenengo aldiz baserri girotik aldenduta, gizaki modernoaren arazoak ukitzen ditu egileak. Munduan egiten zen literaturarekin lotura handia du, Sartreren bidetik, existentzialismoaren ezaugarriak jasotzen baititu Txillardegiren lanak. 1969an Ramon Saizarbitoriak Egunero hasten delako argitaratu zuen, Frantziako mugimenduen ildo beretik. Aro berri bat zabaldu zuen liburu hark euskal eleberrigintzaren barruan, Europako joerekiko irekiagoa. Handik hara idazle askoren jarduna lotuago ibili bada ere nazioarteko idazkerarekin, esperimentalismo saioak sakonduz, baserri girora bueltatzeko joera hedatua izan da, Agirreren kontrako bidetik ordea. Baserriaren kontraesanak azaltzen dituzte kontakizun hauek, pertsonaia eta egoera benazkoagoak ispilatuz. B. Atxaga eta A. Lertxundi izan dira bide horretan aitzindari.