Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elba

(Txekieraz, Labe). Europa erdialdeko ibaia. Bohemian jaio eta 1.225 kilometro egin ondoren, Ipar Itsasoan isurtzen du ura. Jaio ondoren hegora jotzen du. Bohemiako mendiak igaro eta Alemanian barneratu ondoren, Dresden, Magdeburgo, Wittenberg eta Hanburgo hirietatik igarotzen da. Hanburgon hasten da eta 104 km luze eta 6,5-16 km zabal den delta handi batean zabaltzen. Azkenik, Ipar Itsasoan isurtzen du ura, Kuxhavengo hiritik hurbil. Eskuinaldetik, Elster Beltza eta Havel ibaien ura jasotzen du; Mulde eta Saale ibaienak ezkerraldetik. Elba ibaiaren 846 km-an ibil daitezke neurri handiko ontziak eta, horregatik, Europako erdialdeko ibaibide luzeenetakoa da. Ubide ugariek lotzen dute Elba beste ibaiekin eta itsasoekin. v Historia. VIII. mendeaz geroztik, Elba-Saale ibaiek egiten zuten Karlomagnoren lurren ekialdeko muga. Elba ibaiak zerikusi handia izan du betidanik Europako ekonomian, ubidea izaki. Versaillesko itunak, (1919) hainbat nazioetako ontziak bertan ibiltzeko eskubidea eman zuen, eta irekita jarraitu zuen 1936ra arte. Bigarren Mundu Gerran, Errusiako eta Estatu Batuetako osteak Torgaun elkartu ziren, Elba ibaiaren ertzean (1945eko apirila).