Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Durrel, Gerald Malcolm

Britainiar naturalista eta idazlea (Jamshedpur, India, 1925 - Jersey, 1995). Lawrence Durrellen anaia gaztea. Frantzia, Italia, Suitza eta Korfuko eskola pribatuetan egin zituen ikasketak. Gero Jerseyn jarri zen bizitzen. Korfuko haurtzaroko oroitzapenak jaso zituen bere obra ezagunenetako batean: Nire familia eta beste animalia batzuk (1956). Liburu horretan agerian geratu zen izadiarekiko bere grina goiztiarra. Hogeita hamar liburu baino gehiago idatzi zituen, haurrentzat ere bai batzuk –Asto bahitzaileak (1968)–, bidaia liburuak –Bafuteko miatzaileak (1954)–, izadia zaintzeko bere ideiei buruzko bat edo beste –Kutxa geldirik (1990)–, etab. 1958an, beharrezkoa zuen diru mailegua eskuratu zuenean, zoo bat sortu zuen ("Jerseyko zooa") eta horrela bete zuen bere haurtzaroko amets nagusietako bat. Han izadia kontserbatzeko bere teoriak praktikan jarri ahal izan zituen: galtzeko arriskuan ziren animalia motak hartu, ugalarazi, eta beren ingurune naturalera itzuli gero.