Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Durkheim, Émile

Frantses soziologoa (Épinal, 1858 - Paris, 1917). Pedagogia eta Gizarte Zientzia irakaslea zen Bordelen (1887) eta Sorbonan (1902). Année sociologique aldizkaria sortu zuen 1896an eta Frantziako soziologia eskola bultzatu zuen, ohitura guztien zientzia osatzeko asmotan. Auguste Comteren positibismoaren ildotik, Durkheimek soziologiaren metodoa eta zientzia bereziak eraiki nahi izan zituen. Gertakari sozialen autonomiaren aldeko agertu zen, fenomeno organiko eta psikologikoetatik bereizirik. Gizarte moldeek gizakiarengan duten eragina azpimarratu zuen. Oinarri teorikoak Règles de la méthode sociologique (1895) obran aurkeztu zituen, 1893. urtean argitara eman zuen La Division du travail social obratik abiatuta. 1897an suizidioari buruzko lan bat idatzi zuen (Le Suicide); azken urteetan etnografia ikerketa interesgarriak egin zituen (Les Formes élémentaires de la vie religieuse: le système totèmique en Australie, 1912).