Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Duràn Ballén, Sixto

Ekuadortar arkitekto eta politikaria (Boston, Estatu Batuak, 1921). Errepublikako lehendakaria 1992-1996 urteetan. Arkitektura eta urbanismo ikasketak egin zituen Columbiako eta Wisconsineko unibertsitateetan. Herri Lanetako ministro zela, Camilo Ponce Enríquezen agintaldian (1956-1960), herrialde osoan errepideak egiteko eta berregiteko plangintza bat prestatu zuen, Quito eta Guayaquileko aireportuak eta Guayaquil eta Puerto Bolivarko itsas portuak eraiki zituen, telefonoaren sarea hedatu zuen, eta edateko ura bideratzeko plangintza antolatu zuen. 1970ean Quitoko alkate hautatu zuten. Alderdi Sozial Kristaua sortu zuen, baina 1991n hura utzi eta Batasun Errepublikarra sortu zuen, joera kontserbadoreagokoa. 1992an errepublikako lehendakaritza eskuratu zuen, Batasun Errepublikarra eta Kontserbadorea alderdien koalizioari esker. Bere agintaldian gobernuaren ekonomia politikaren aurkako protesta asko izan zen (1994ko ekaineko greba orokorra), eta muga arazoak zirela eta, gerra egin zuen Perurekin.