Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Durangaldea

Bizkaiko hego-ekialdeko eskualdea, Araba eta Gipuzkoarekin muga egiten duena. Bi mendialderen artean dago; Oiz (1.026 m) iparraldean, eta Udalatik (1.092 m) Urtemondora (789 m) luzatzen den mendilerroa, hegoaldean (Anboto, Kurutzeta, Aitzluitz, etab). 317 km2 eta 90.563 biztanle. Udalerri hauek hartzen ditu bere baitan: Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria, Otxandio eta Zaldibar. Durango eta Ermua dira eskualdeko udalerririk jendetsuenak (23.429 eta 17.052 biztanle 1996an), baina eremurik handiena, eskualdearen erdia baino gehiago, Zornotzak du. Euskara, bizkaiera. Nahiko orekatuta daude euskara eta gaztelania Durangaldean, nahiz eta oso aldakorra izan egoera udalerri batetik bestera. 1996an, 41.013 euskaldun, 15.662 ia euskaldun eta 31.961 erdaldun bizi ziren bertan. Herririk txikienetan euskara nagusi bada ere, biztanleriari dagokionez pisu handia duen Ermuan, esaterako, euskaldunak hala hiru bider dira erdaldunak. Ibaizabal da bertatik igarotzen den ibairik garrantzitsuena. Ekonomia jarduera nagusiak industria (metalurgia, makina-lanabesa, zurgintza, papergintza eta ehungintza) eta zerbitzuak dira. 1996an 2.588.000 pezetakoa izan zen biztanleko eskualdearen Barne Produktu Gordina (BPG). EAEko indize bateratzailea 100 eta Bizkaikoa 93 izanik, 113an zegoen Durangaldea. Industriak osatzen zuen eskualdeko balio erantsiaren zatirik handiena: 1996ko datuen arabera, sektore horrek ekartzen zuen aberastasunaren % 56, Bizkaiko batez bestekotik gora 15 puntuz. Kopuru hori % 60tik gorakoa zen, esaterako, Abadiñon, Atxondon, Berrizen, Izurtzan, Mallabian eta Mañarian, eta % 9ra jaisten zen gehienbat nekazaritzari emandako Garai herrian. Durangon, berriz, zerbitzuak ziren nabarmen ekonomiaren osagarri nagusia. v Historia. Durangaldea, Gipuzkoa bezala, Arabako Nafar konderriari loturik egon zen XI. mendean. 1176. urtean Nafarroaren mendean zegoen Durangaldea Gaztelako Alfontso VIII.ak beretzat aldarrikatu bazuen ere, handik bi urtera Gaztelako erregeak Legingo eta Portillako gotorlekuak berriro eraikitzeko hitza eman eta Durangaldeko Nafarroaren burujabetasuna onartu zuen. Egoera honek Nafarroako Antso VII.a Indartsuaren erreinaldira arte iraun zuen. Nafarroako erregeak, Gaztelak Alarcoseko gudua galdu izana erabili zuen Alfontso VIII.ari eraso egiteko. 1199an Alfontso VIII.ak Arabako mugak eraso zituen. Gasteiz setiatu zuen (1199-1200), eta gaztelarrak Arabako, Gipuzkoako eta Durangaldeko gotorlekuez jabetzen hasi ziren. Gasteizko hiriak etsi zuenarekin batera Durangaldea Gaztelaren mendean geratu zen. Diego Lopitz Harokoa Bizkaiko Jaunak Navas de Tolosako guduan parte hartu zuelako (1212), Alfontso VIII.ak Durangaldea eman zion eskainitako zerbitzuen ordain gisa. Geroztik Durangaldea Bizkaiko Jauretxeko lurralde izan zen, eta bere erakundeak gorde zituen. Durangaldea 12 elizatek osatzen zuten: Abadiño, Berriz, Mallabia, Mañaria, Iurreta, Garai, Zaldibar, Arrazola, Axpe, Apatamonasterio eta Izurtza. Eskualde horren barruan zeuden orobat Elorrio, Durango, Ermua eta Otxandio herriak, baina ez merindade berean. Auziren bat gertatzen zenean «Hamalu Herriren Batzarra» delakoan biltzen ziren. Durangaldeko udal antolaketa Bizkaiko gainerako elizateen antzekoa zen. Errejidore nagusiak autonomia handiagoa eta konpetentzia handiagoak zeuzkan, ez baitzuen merindadeko korrejidorearen tenienteari zertan erantzunik. Merindadea gobernatzeko gainerako merindadeetan izaten zirenen antzeko ofizialen, korrejidorearen tenientearen eta beste bi tenienteren laguntza izaten zuen. Durangaldeak Gerediagako muinean biltzen zen batzarrean (Gerediagako Batzarrak, ezohiko Biltzarra) eta Astolako baserrian (Astolako Batzarrak, Ohiko Biltzarra) ordezkaria izaten zuen. Durangoko merindadea berarekin zerikusia zuten gaiak eztabaidatzen zirenean joaten zen Gernikako Batzar Nagusietara. Biltzarrera joateko korrejidore nagusiak dei egiten zuenean Astolako Batzarrak aukeratzen zuen Gernikara joango zen prokuradorea. 1628. urteko hitzarmenaren ondorioz Durangaldea Bizkaiko Jauretxearen administraziopean geratu zen.