Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Duhalde, Anje

Lapurtar musikaria (Arrangoitze, 1950). Oso gazterik hasi zen musikagintzan. Kantari eta gitarrista bezala da ezagunagoa, baina hastapenetan, 1960ko hamarraldian, bateria jotzen zuen El Fuego taldearekin, dantzaldiz dantzaldi. Errobi taldeko sortzaile izan zen eta taldea desegin zenean bakarlari bezala jarraitu zuen. 1980an Errobiaren hegitik izeneko lana kaleratu zuen, bakarkako lanari hasiera emanez. Akelarre taldearekin ere lau urte eman zituen, eta taldearen bi diskotan parte hartu zuen, Gau pasa eta Ari gara lanetan. Bakarkako lanari segida emanez Erroz eta oroz eta Nahas-mahas diskoak atera zituen. Xabier Amuriza bertsolariarekin egindako lanaren emaitza ere plazaratu zuen 1991n, Xabier Amurizarekin kantari diskoa bizkaitarraren bertsoez osatua baitago. Lan horren ondoren Bakezaleak (1992) atera zuen, oso kritika onak jaso zituena, eta 1993an Zuzenean disko bikoitza, bere kanten bilduma egiten dena. Kantu berriak jaso zituen Su gainean dantzan (1994) izeneko lanean eta 1997an kaleratu zuen Azkarate diskoa. Oraingoz kaleratu duen azkeneko lana Pinpirin eta Florian (2000) izenekoa da, Ikastolen Elkartea eta Labayru ikastegiarentzako egindako lana.