Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Doisneau, Robert

Frantses argazkilaria (Gentilly, 1912 - Paris, 1994). Jende arruntaren erretratuetan erakusten duen argitasun eta maitasunarengatik ezaguna. Bere teknika Henri Cartier-Bressonen decisive moment edo "une erabakigarri"-aren antzekoa da, baina harenak baino maitagarritasun handiagoa transmititzen du. Darabilen umore zorrotzaren azpian bere irudien esanahi sakonena aurkitzen da, ikuslea ikusten ari denarekin bat egitera bultzatzen duena. Doisneauk arte grafiko eta grabatu ikasketak egin zituen Parisko École Estiennen (1926-1929), eta industria eta merkataritza argazkilaritzan hasi zen gero. 1934 eta 1939 bitartean Renault auto konpainiarentzat lan egin zuen. Garai hartan Brassairen obrak eragin handia izan zuen berean. Bigarren Mundu Gerran faltsutze lanak egin zituen Erresistentziarentzat. 1944ko Parisko askapenaz egin zituen argazkiak mundu osoan argitaratu ziren. Handik gutxira Rapho agentziarentzat lanean hasi zen. Bere lanak egunkari eta aldizkari askotan argitaratu ziren, Vogue eta Life aldizkarietan, besteak beste. Aipagarria da, besteak beste, 1950eko bere argazkietako bat (bikote bat Parisko kale batean musuka), postal eta kartel askotan argitaratua. 1947an Kodak saria jaso zuen, 1956an Niépce saria, eta 1983an Argazki Sari Nazionala. 1984an Ohorezko Legioaren Zaldun izendatu zuten.