Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Dokoupil, Jiri Georg

Txekiar margolaria (Kronv, 1954). Sobietar gudarostea Pragan sartu zenean (1968), gurasoak Koloniara joan ziren bizitzera eta han egin zituen lehen mailako ikasketak. Gero fisika eta matematika ikasketak hasi zituen, baina bertan behera utzi zituen bere benetako bokazioa, pintura, lantzeko. Kolonian, Mulheimer Freiheiteko arte lantegi ospetsuan hasi zen pintura ikasketak egiten, eta Düsseldorfeko arte akademian –Europako eskola abangoardistena– sakondu zituen gero, Joseph Beuysen gidaritzapean. Maisuaren irakaskuntza kontzeptualak bereganatu zituen, baina beste artista bat izan zen bidea erakutsi ziona, Sigmar Polke, hain zuzen. Polkerengandik estiloaren ukapenaren teoria bereganatu zuen, sormena itotzen duten sailkapenen aurka borrokatzeko metodo gisa. Laurogeiko hamarraldiaren hasieran bazuen leku bat Alemaniako arte garaikidean. Alemaniar neoespresionismoaren adibide ereduzko gisa, erakusketak egin zituen herrialde hartako galeria nagusietan, eta munduko bi erakusketa garrantzitsuenetakoen bidez (Veneziako Bi Urtekoa eta Basileako Dunsthalle) bere burua ezagutarazi zuen Alemaniaz kanpo ere. Gainera, eskolak eman zituen Düsseldorfeko Arte Akademian eta garrantzi handiko urratsa egin zuen bere karreran New Yorken erakusketak eginez. Bien bitartean, bere ibilbide artistikoaren hasierako espirituari fidel, behin eta berriro aldatu zuen bere estiloa. Artea sentsualitatea sakontzeko bide gisa hartuz, adimenaren artea ukatuz, eta eskura dagoen edozein teknika artistiko baliatuz, bere obra egungo artearen joera estetiko guztien artean mugitzen da etenik gabe, figuraziotik abstrakziora, arte kontzeptualetik pintura espresionistara, poparen, surrealismoaren edo errealismo fotografikoaren bitartekoak ere baliatuz.