Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Di Stefano, Giuseppe

Italiar tenorra (Catania, Sizilia, 1921 - Milan inguruan, 2008). Bere herriko Bellini Kontserbatorioan ikasi ondoren, Milan eta Erromara joan zen, opera ikasketak egitera. Gerraosteko urte latzetan Arturo Toscanini-ren laguntza jaso zuen, eta 1946an kantatu zuen lehen aldiz, Massenet-en Manon opera. Arrakasta itzela izan zuen, eta harrezkero, 1950 eta 1960ko hamarraldietako opera kantari hoberentzat hartu zuten, Mario del Monaco-rekin batera. Munduko opera antzoki nagusietan, eta bere garaiko opera kantari handienekin kantatu zuen: Renata Tebaldi, Anita Cerquetti eta batez ere Maria Callas-ekin. Obrarik ezagunenetako protagonista izan zen: Donizetti-ren L´elisir d´amore eta La Favorita, Massenet-en Manon eta Werther, Verdi-ren Rigoletto eta La Traviata, eta oro har obra liriko guztietakoa. 1991n omenaldia egin zioten Milango Scalan; garai hartako abeslaririk onenek parte hartu zuten bertan.