Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Delhi

(Hindieraz, Dilti) Indiako iparraldeko hiria. Monumentuez aberatsa den parte zaharrak alde batetik, eta etorbide zabalak eta berdegune ugari dituen parte modernoak bestetik (New Delhi, hiriburu federala, administrazio eta politika hiria) osatzen dute. 7.174.755 biztanle (1991); hiri inguru guztia hartuta 8.375.188 biztanle. Janari industria, kimika industria, paper eta ehunlangintza. Eskulangintza. Parte zaharrean Delhiko hiriaren iraganaren lekuko diren monumentu ugari daude: Burdina zutabea; Qutb Minãr izeneko zutabea, XIV. mendekoa, 72 m altu dena; Perla mezkita; Yãmi masyid mezkita.  v  Historia. Musulmanek sortu zuten hiria 1193. urtean hinduen kokaleku zahar baten gainean. Suntsitua eta berriz eraikia izan zen Yamunako ibaiaren bi ertzetan. Firuzabad izena zuen XIV. mendean. Errege mongolek hiriburu bihurtu zuten ondoren. 1803. urtean britainiarrek hiria hartu zuten. Indiako hiriburu bihurtu zen 1912. urtean eta hiriaren hegoaldean New Delhi eraikitzeari ekin zioten. Hiri zaharrak Delhiko sultanerriko eta mongolen garaiko monumentu ugari gordetzen ditu. Delhi 1.484 km2-ko lurralde autonomoa da. Nazioarteko aireportua.