Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Delgado, Pedro

Espainiar txirrindularia (Segovia, 1960). 1988ko Frantziako Itzuliaren irabazlea eta 1980ko hamarraldiko munduko txirrindulari onenetako bat. José Miguel Echávarri eta Eusebio Unzué entrenatzaileen esanetara prestatu zen eliteko txirrindulari gisa. Espainiako txirrindularitzaren loraldiaren aitzindaria izan zen. 1985ean lortu zuen lehen garaipen handia, Espainiako Itzulia irabazi zuenean. Handik lau urtera, 1989an, berriro irabazi zuen, baina nazioarteko ospea Frantziako Itzuliak eman zion. 1983an hartu zuen parte lehen aldiz Frantziako Itzuli batean, eta maldan gora, eskalatzaile aparta izateagatik, eta maldan behera, abiada handian jaisteko erakutsi zuen ausardiagatik, nabarmendu zen. Lehen Itzuli hartan bigarren lekua lortu zuen sailkapen nagusian. 1984an, sailkapen nagusian bosgarren zela, bertan behera utzi behar izan zuen lasterketa, maldan behera zihoala erori eta lepauztaia hautsi ondoren. 1986an ere bertan behera utzi zuen proba ama hil zitzaiola jakin zuenean. 1987an sekulako borroka izan zen bera eta Stephen Rocheren artean; azkenean, Rochek irabazi zuen proba, 40 segundoko aldeagatik. Hurrengo urtean, baina, berak irabazi zuen proba eta zazpi minutu baino gehiago kendu zizkion bigarrenari, Stephen Rooks holandarrari. 1989an gauza bitxia gertatu zen: galdu egin zen eta berandu iritsi zen aurreneko etapako irteerara, Luxenburgon. Hala, denbora asko galduta eta azken lekuan hasita defendatu behar izan zuen aurreko urteko garaipena. Hala eta guztiz ere, azkenean, hirugarren geratu zen, Greg LeMond eta Laurent Fignonen atzetik. Txirrindularitza profesionala utzi zuenean irrati eta telebistako esatari gisa hasi zen lanean.