Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Delaunay Terk, Sonia

Margolari ukrainarra, Robert Delaunay pintore frantsesaren emaztea (Odesa, 1885 - Paris, 1979). San Petersburgon eta Alemanian ikasketak egin ondoren, Parisa joan zen 1906an, eta hantxe geratu zen betiko. Hasieran Gauguinen eta Van Gogh-en kutsuko kolore biziko obrak egin zituen. 1910. urtean Robert Delaunay-rekin ezkondu zen eta, Cézanneren eta kubisten eragina jaso ondoren (Bal Bullier, 1913) harekin batera abiatu zen irudikatze bide berrien bila. Abstrakzio geometrikoaren aitzindaria da, eta koloreak bere hutsean eskaintzen dituen bideetan barrena abiatu zen. Portugalen eta Espainian egon ondoren lan handiak, kolorea eta forma geometrikoak nagusi zirela betiere (Marché à Minho), eta erritmo zehatzeko obra geometriko ez figuratiboak egin zituen. Dekorazio lanak ere egin zituen, irudi geometrikoz (karratu, erronbo, zerrenda zirkularrak, eta abar) hornituriko gauzaki eta ehunek berebiziko eragina izan zuten modaren eboluzioan. Honez gainera, antzerkirako dekoratuak sortu zituen eta parte hartu zuen, senarrarekin batean, Pavillon des chemins de fer et de l’air aretoaren dekorazioan (1937ko Erakustaldia, Paris).