Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Delacroix, Eugène

Margolari, marrazkigile eta litografo frantsesa (Saint-Maurice, Parisen ondoan, 1798 - Paris, 1863). Hemezortzi urte zituela hasi zen Guérin margolariarekin ikasten. Dante et Virgile aux Enfers (1822) lehen laneko dramatismoak eta kolore itzaliek Géricault margolari eta adiskidearen eragina ageri zuen, eta kritika gogorrak jaso zituen. Hurrengo urteetan hasi zen ur-margo edo akuarela lanak egiten. 1824. urtean Parisen aurkeztu zuen Les Massacres de Scio lana eskola erromantikoko agiritzat hartu zuten, eta aurrerantzean giro erromantikoan mugitu zen Delacroix. 1825ean Ingalaterrara jo zuen eta bertan Shakespeare-ren antzerkiarekin egin zuen topo, eta geroztik miretsiko zituen Scott, Byron, Goethe eta Ariosto-ren obrak ere ezagutu zituen. 1828an, La Mort de Sardanapale kolore biziak, konposizio bihurriak eta irudimen kartsu bezain sentsuala ageri zituen koadroak pintura klasikoen zaleen eta kritika ofizialaren aldetik guztiz harrera txarra izan zuen. Urte haietako gertaera handiak (La Grèce expirant à Missolonghi, 1827; La liberté guidant le peuple, 1831) eta historia gaiak (L’assassinat de l’évêque de Liège, 1831; La Décapitation du doge Mario Falerio, 1827) izan zituen gogoko garai hartan. 1832. urtean bidaia bat egin zuen Marokora eta Afrika iparraldera, eta Espainian barrena igaro zen. Obra ugari egin zuen geroztik, ibilaldi hartako bizikizunen fruitu (Le Sultan du Maroc, 1845; Noce juive, 1839, Femmes d’Alger dans leur appartement, 1834). Bidaia horren bidez sartaldeko exotismoaren zaletasuna zabaldu zuen erromantikoen artean. Ipar Afrikatik itzuli ondoren, erakunde ofizialek lan ugari eskatu zioten: Borboi jauregiko Errege Aretoa 1832-1838; La Chambre eta Senatuko liburutegiak (1838-1847); Apolo Galeria Louvre museoan eta Aingeru Sainduen kapera Parisko Saint-Sulpice elizan, 1849-1861).  v  Delacroix Frantziako pintore erromantiko nagusia da. Irudimen eta sentiberatasun handiak zituen; hala, errealitatetik alde egin eta historian eta literaturan babestea gogoko zuen, bere lanetan ikusten den bezala.