Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Da Silva, Leonidas

Brasildar futbolaria (Rio de Janeiro, 1913 - Cotia, 2004). Futbolari ikusgarria zen, “chilena” erako erremateetan espezialista. “Diamante beltza” deitzen zioten. 1932an egin zuen debuta Brasilgo selekzioarekin eta berehalaxe kontratatu zuen Montevideoko Nacional-ek. 1934an Brasila itzuli zen eta Vasco da Gaman jokatu zuen. Urte hartan jokatu zuen lehenengo Munduko txapelketa, Italian, baina ez zuen suerte handirik izan, lehen itzulian galdu baitzuen Brasilek Espainiaren aurka (2-1). Da Silvak sartu zuen brasildarren gola. 1938ko Frantziako Mundu txapelketan distira bereziko izarra izan zen Da Silva: txapelketako golegile emankorrena izan zen, zortzi tantorekin, eta jokatu zuen partida guztietan sartu zuen golen bat. Zoritxarrez, Ademir Pimientak, Brasilgo hautatzaileak, ez zuen Italiaren aurkako finalerdian zelairatu eta Brasilek galdu egin zuen (2-1). 1942an, São Paulok fitxatu zuen eta bost titulu irabazi zituen talde hartan. 1953an, talde bereko entrenatzaile bilakatu zen.