Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Chillida Ameztoy, Juan

Gipuzkoar pintore eta eskultorea (Donostia, 1956). Gonzalo Chillida pintorearen semea. Estilo erabat pertsonala landu du 1981ean lehen aldiz Donostiako Alga galerian jendaurrean bere lanak aurkeztu zituenetik. Marrazki idealizatu, leun eta delikatua landu zuen lehen urteetan, baina, collagegintzan ere aritu ondoren, 1998. urtean eskulturari lotu zitzaion, eta horixe izan da azken urteetan jorratu duen alorra. Inguruko espazioari ere egitura guztiz berezia ematen dioten eskultura figuratibo txikiak eta berak "eskultura bizigarriak" deitzen dituenak landu ditu gehienbat, begirada bakar batean objektuaren plano guztiak utzi nahi dituztenak. 1981etik 2001 urtea arte hogei bakarkako erakusketa egin ditu, margogintzari eskainiak 1998ra bitartekoak, Donostiako La Colchonería eta Errenteriako Gaspar galerietan gehienbat. Taldekako hamabi bat erakusketatan ere parte hartu du hogei urte horien buruan, 1996ko Los seis Chillida erakusketa barne. 1999an, bestalde, Donostiako Benta Berri auzoko parrokia berrian ikusgai dauden bi eskultura egin zituen: Kristo eta Andre Maria, bere aita Gonzalo Txillidak eginiko muralarekin batera aldare nagusiaren osagarri artistiko garrantzizkoenak direnak.