Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cherry, Don

Estatubatuar jazz musikagilea (Oklahoma City, 1936 - Malaga, 1995). Tronpeta-jotzailea eta musikagile izan bazen ere, gehienbat flauta, perkusioa eta pianoa jotzen zituen. Gaztetan hasi zen pianoa eta tronpeta jotzen. 1951. urtetik aurrera Red Mitchell, Wardell Gray eta Dexter Gordon-ekin jo zuen. 1957an orkestra txiki bat sortu zuen James Clay saxofoi-jotzailearekin. Atlantic diskoetxeko presidenteak beka bat eman zion John Lewis-ekin ikasteko Lenox-eko jazz eskolan (1959, Massachusetts). Garai horretakoak ditu lehenengo grabazioak, Sonny Rollins, John Coltrane eta Ornette Coleman-ekin eginak. 1963an New York Contemporary Five bostkotearekin bira bat egin zuen Eskandinavian zehar. 1964an Europan hartu zuen bizilekua, eta Europako hainbat hiritan egin zituen kontzertuak. 1960ko hamarraldiaren bukaeran, Jazz Composers Orchestra eta Liberation Music Orchestra orkestretako kide izan zen. 1980-1984 urteen bitartean Trio Codona taldea osatu zuen Nana Vasconcelos eta Colin Walcott-ekin batera. Heroinak ahalmen fisikoak kendu zizkion poliki-poliki.