Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Char, René

Frantses poeta (L’Isle-sur-Sorgue, 1907 - Paris, 1988). Surrealista izan zen hasieran (Ralentir Travaux, Lanak moteldu 1930, André Breton eta Paul Eluard-ekin batera); 1934. urtean eman zuen bere lanen lehen bilduma, Le Marteau sans maître (Jaberik gabeko mailua). Espainiako gerrak eta faxismoaren goraldiak, ordea, politikarekin lotutako literaturara eraman zuten (Placard pour un chemin des écoliers, 1937) eta 1940an nazien aurkako erresistentzian sartu zen (berak idatzi zituen erresistentziako poema onenetako batzuk). Hasierako esperimentuetatik urrunduta, Char-en olerkigintzak bat egin zuen mundua aldatzearen aldeko ikuspegi baikorrarekin. Obra nagusiak: Seuls demeurent (Bakarrik gelditzen dira) 1945; Feuillets d’Hypnos, (Hypnos-en orriak) 1946; Nu perdu, (Biluzi galdua) 1971; Fenêtres dormantes et porte sur le toi, (Leihoak lotan eta teilatu gaineko atea) 1979.