Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Chapman, Tracy

Estatubatuar abeslaria eta abesti idazlea (Cleveland, Ohio, 1964). Berak aitortu duenez, zortzi urte zituenerako egiten zituen abestiak. Antropologia ikasi zuen eta Afrika mendebaldeko kulturan eta etnomusikologian espezializatu zen. 1986an afrikar perkusioa jotzen zuen talde batean sartu zen, baina ez zion utzi -gitarraz lagundurik- folk estiloan abesteari. Kasualitate kate bat zela medio Elektra Records-ekin kontratua sinatu ondoren, 1988an argitaratu zuen lehen albuma, Tracy Chapman, eta arrakasta izugarria izan zuen: 10 milioi kopia saldu zituen eta hiru Grammy irabazi. Urte hartako uztailean, Nelson Mandelaren 70. urteurreneko kontzertuan abestu zuen, Stevie Wonder-en ordez. Chapmanen ahots bereziak, estilo intimistak eta letra konprometituek sona handia irabazi zuten mundu guztian. 1989an, Crossroads izenburuko albuma argitaratu zuen (lehen postuetan egon zen Estatu Batuetako eta Britainia Handiko zerrendetan). 1992an hirugarren albuma grabatu zuen: Matters of the Heart. 1995eko azaroan New Beginning argitaratu zuen, eta disko hori zela-eta, 1997ko Grammy sarietarako izendatu zuten. Hemezortzi milioi disko baino gehiago saldu ditu Tracy Chapmanek, orain artean, eta, abeslari komertziala ez den arren, karrera mantsoa baina segurua darama.