Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Chaplin, Charles Spencer

(Charlot deitua). Antzezlari eta zinemagile ingelesa (Londres, 1889 - Vevey, Suitza, 1977). Ehun filmetik gora egin zituen, eta haietan sortu zuen zinemako ikusleek gehien maite izan duten pertsonaietako bat, Charlot, menderatu nahi duen gizartean borrokan dabilen gizona. Lehen filmak Mack Sennet-ekin egin zituen; ikasketa garaia izan zen hura batez ere. Gero, hainbat zinema enpresarekin egin zuen lan; Charlot pertsonaia pixkanaka gauzatu zen. Azken filmetan beste gauza batzuk saiatu zituen, Charlot alde batera utzita. Hauek dira Chaplin-en film aipagarrienetako batzuk: A Day’s Pleasure (Egun bateko poza, 1919); The Kid (Mutila, 1921); Pay Day (Ordainketa eguna, 1921); A Woman of Paris (Parisko emakume bat, 1923); Gold Rush (Urrearen bila, 1925); The Circus (Zirkoa, 1928); City Lights (Hiriko argiak, 1931); Modern Times (Garai modernoak, 1935); The Great Dictator (Diktadore handia, 1940); Monsieur Verdoux, 1947; A king in New York (Errege bat New York-en, 1957); A countess from Hong-Kong (Hong-Kong-go kondesa, 1965).