Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cunningham, Ebenezer

Britainiar matematikaria (Hackney, Londres, 1881- 1977). Lehenengo ikasketak Cambridgeko St John's Collegen egin zituen. Besteak beste, Baker, Larmor, J. G. Leathem eta R. Pendlebury izan zituen irakasle; Baker izan zen bere ikasketen zuzendari. 1902an, graduatu ondoren, Smith sarirako trebatzeari ekin zion; bitartean egindako ekarpenak aldizkari frantses batean argitaratu zituen, eta azkenik erretiratu egin zen. 1904an St. John's-eko kide hautatzeaz gainera, irakasle postu bat ere lortu zuen Liverpool-eko Unibertsitatean; bertan Bateman-ekin batera lan egin zuen. 1907 urtea Liverpool eta Cambridgen eman zuen lanean. Gero Londresko University College-ra joan zen, non Pearson-en zuzendaritzapean lan egin zuen. Urte horietan ekuazio diferentzial linearrei buruz eta estatistikei buruz idatzi zuen. Baina Cunningham-ek beste arlo batzuk landu zituen. Hala, Larmor-en Aether and Matter (Eterra eta materia) liburu famatua eta Einstenen erlatibitate bereziari buruzko artikulua (1905) irakurri ondoren, arlo horretan hasi zen lanean. 1914an The Principle of Relativity (Erlatibitatearen printzipioa) liburua argitaratu zuen; hortik aurrera erlatibitateari buruz artikulu ugari idatzi zuen. Izan ere, 1911n, Baker-ek gonbidatuta, St. John's College-ra itzuli zen, baina bere lana Lehen Mundu Gerrak eten zuen. Hala, urte horietan zailtasun handiak izan zituen erlatibitatearen teoriaren garapena jarraitzeko. Azken urteak Cambridgen eman zituen, matematikako irakasle.