Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Correia da Rocha, Adolfo

(Miguel Torga izenaz ezaguna). Idazle portugesa (Sao Marinho de Anta, 1907 - Coimbra, 1995). 1925ean Presença literatura aldizkaria argitaratzen zuen taldeko kide egin zen, Coimbran. Gerora bakarkakako bideari ekin zion; hasieran jarduera politiko-sozialari jaramonik egin gabe, ostera Oliveira Salazarren diktaduraren aurkako iritziak plazaratuz. Saiakera, eleberriak, ipuinak, poesia eta antzerkia idatzi zituen. Sarritan proposatu zuten Literaturako Nobel sarirako, eta 1981ean Montaigne saria eman zioten. 1989an Portugalgo Letren Luis de Camoes saria jaso zuen. XX. mende amaierako idazle portuges handienetakoa izan zen, eta hogei hizkuntzatara itzuli dira bere liburuak. Aipatzekoak ditu Abismo (1932, Leizea), A creaçao do mundo (1932-39, Munduaren sorrera), Diarios (1941-59, Egunkariak), Lamentaçao (1942, Arrenkura), O senhor Ventura (1943, Ventura jauna), Odes (1946, Odak), Penas do purgatorio (1954, Purgatorioko penak), Orfeu rebelde (1958, Orfeo matxinatua). Badu liburu bat euskaratua (Bego Montorio, Piztiak).