Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Correggio, Il

(Antonio Allegri, Il Corregio deitua) Italiar pintorea (Correggio, 1489 - Correggio, 1534). Errenazimentuko italiar margolari nagusietakoa izan zen. Bere herrian hasi zen ikasten, eta Mantuan ezagutu zituen Andrea Mantegnaren obrak. Leonardo da Vinciren sfumato teknika berezia eta Florentziako pintoreek ohi zuten arkitektura egiturak erabili zituen lehen koadroetan (Madonna di San francesco, 1515). XVI. mendearen hasieran Italia osoan erabiltzen ziren teknikak jaso eta sintesia egiten saiatu zen, garai hartan pintatu zituen Ama Birjinek erakusten duten bezala. Il Corregiok bere antze berezia Parmako freskoetan erakutsi zuen lehenbizikoz (San Pauloko komentuko freskoak, 1519-1520). Rafaelen eta Michelangeloren obrak Erroman ikusi eta ezagutu ondoren (1517-1519 urteen bitartean) egin bide zituen Parmako lan haiek. Obra haren ondotik, beste lan batzuk egiteko parada izan zuen Parman bertan (San Joan Bataiatzailearen elizako freskoak, 1520-1521; Ama Birjinaren Jasokundea, 1524-1530). Horma lanekin batera, oihalak ere pintatu zituen, erlijio gaiak hartuta betiere (Guretzetik eraistea; Ama Birjina goporrarekin). Bestalde, XVI. mende bukaerako pintoreei aurreratu zitzaien, argilunak erabiliz (Artzainen gurtza edo Gaua). Mitologia gaiak ere aurkeztu zituen, eta sentsualitate handiko obrak egin zituen (Leda, Jupier eta Io, Danae, 1530-1535). v Il Correggiok oso ukitu bitxia zuen, eta harmonia eta kolore dotorez jantzi zituen bere lanak. Veneziarren eta florentziarren dohaiak biltzen zituen margolaritzat geratu da pinturaren historian. Eragin handia izan zuen XVII. mendeko italiar margolariengan. Arrazoi askorengatik, lehen pintore barrokoa izan zela esan daiteke.